HEZKUNTZAZ MUNDUA ALDATU

2009-10-27

IKASKETA PROZESUAREN ERRONKA EZAGUTZAREN GIZARTEAN


Bilboko Magisterio Eskolako Carlos Castaño eta Inmaculada Maiz irakasleen artikuluaren laburpena uzten dizuet

Teknologia eremuko azken urteotako aurrerapenek gure gizartearen kultur eta gizarte arloko ohiturak aldatu dituzte, ez dago dudarik internet informazioaren aroan sartu gaituen iraultza izan dela. Aldaketa hauek era berean hezkuntzan aukera berriak ireki ditzakete eta are gehiago, irekitzen dabiltza.
Gaur egun beraz, ez da nahikoa ohiko alfabetatzea, teknologia berrietan alfabetatuta egotea ezinbestekoa agertzen zaigu, hots, maneiatzen jakitea beharrezkoa da, hortaz etengabeko hezkuntza beharrezkoa da gizarte bazterketa ekiditeko eta gizartean parte-hartze aktiboa izateko. Alfabetatze digitala bezalako terminoaz ari gara jada, hau da, pertsonak gai izan behar dira informazioa ezagutza bihurtzeko, eta hori gizarteko lankidetza eta eraldaketa elementu bihurtzeko. Era berean, eskuratu beharreko gaitasunez ere hitz egiten da, zehatzago esanda gaitasun digitalez. Horrela, komenigarria da ordenagailuak erabiltzen jakitea informazioa eskuratu, ebaluatu, bildu, sortu, aurkeztu eta trukatzeko, eta internet bidez lankidetza sareetan komunikatzeko eta parte hartzeko.
Internet guztion parte hartze aktiboa Web 2.0ari esker da posible, beharrezko jakintzak izan ezkero. Ezagutza sortu, argitaratu eta beste batzuekin partekatu dezakegu honi esker. Web 2.0. gizarte iraultza bezala hartua izan da, eta hezkuntzan izango duen eragina ikaragarria dela aurreikusten da (gaur egun eragin hau ere nabaria izaten hasten da): irakasle eta ikasleak sortzaile aktiboak izango dira, ezagutza partekatzea, estandar irekiekin lan egitea, lankidetza bultzatzea…
Zalantzarik gabe teknologia berri guzti hauek aukera paregabea izan daitezke ahotsa ez dutenen hitza entzunarazteko. Horretaz aparte, arlo desberdinetako profesionalen sareko lana eta lankidetzan erraztasunak suposatuko ditu eta momentu honetan burutik pasatu ere ezin zaizkigun abantailak eta erabilpenak ekar ditzake. Baina prozesua gertutik jarraitzea beharrezkotzat jotzen dut, ondorio positibo guzti horiek elite batera murriztu ez daitezen, eta era berean, aurretik aipatutako alfabetatze digitala aurrera eramatea ezinbestekoa da, aukera ezberdintasunak egon ez daitezen.