HEZKUNTZAZ MUNDUA ALDATU

2009-11-08

Gaur egungo hezkuntzari begirada bat


Kapitalismoaren estruktura hierarkikoak exijitzen du langileak izaera espezifiko batzuk izatea. Lantegiaren edo beste lan motaren aspergarritasuna eta monotonia soportatzeko hezitu behar dira haurrak, ala nola beren organizaziori zintzo-zintzo obeditzeko. Langileak puntualak, zintzoak eta pasiboak izan behar dira. Gainera, bere enplegua eta posizioaz irrikaz hartzeko prest egon behar dira Francisco Ferrer i Guardiaren esanetan. Eskolaren papera beraz, gaur egungo ikasleak biharko egunean gizarte kapitalista honetan izango duten paperera prestatzea da, hau da, sistema erreproduzitzeko erreminta bezala erabiltzen da hezkuntza.
Zentzu honetan ere mintzatzen da Spring hurrengo hau esatean: XX. mendeko eskolek autoridade anonimo tipo bat garatu egin dute, zeinak ikaslea prestatzen du gizarte propagandistiko eta burokratiko baten manipulaziorako. Eskola tradizionalak autoridade zuzenaren adibide argia ziren: irakasleak bere boterearen bitartez ikasleei enfrentatu egiten zen; era honetan, ikasleek boterearen iturriaren kontzientzia zeukaten. XX. mendean ordea, autoridade forma anonimoak sortu egin ziren teknika psikologiko sofistikatuagoen bitartez. Kontrol forma hauek manipulazioaren izaera eta kontrol iturriaren identifikazioaren ulermena zaildu egiten dute.
Lehiakortasuna, erabakietan parte hartze eza, obedientzia, kritikotasun eza, irudimena alde batera uztea, diziplina eta estatuek inposatutako derrigorreko curriculuma eta metodologia aplikatzen dira eskoletan, era horretan biharko eguneko hiritar pasiboak eta konformistak sortaraziz. Horren ondorio zuzena da azkeneko belaunaldietan zehar errealitatea era sakonean aldatzeko ardura galduz joatea, hezkuntza sistemak historia eta gizartearen irudi bukatua ematen baitute, non gauzak errotik aldatzeko aukerarik ez dagoen.
Gizarte bateko hezkuntza sistema gizarte horren ekonomia beharretara erantzuteko antolatuta egon da beti, eta egun inoiz baino argiagoa da hori. Pertsona integralak sortzen saiatu beharrean, sistemaren engranajean bere lekua estua betetzera bultzatzea da helburua, lan intelektualaren eta praktikoaren aldea inoiz baino handiagoa izatea eraginez.
Sistema honen ondorio argienak haurren motibazio eza, segregazioa eta biolentzia dira, begi bistakoa dena ikasleen emaitza akademikoen batez bestekoa begiratzearekin.
Aurretik esandako guztiaz gain, esan beharra dago lehen ez bezala, beste heziketa ereduak praktikara eramateko aukerarik ez dutela uzten estatuek, legearen eta derrigorrezko curriculumaren bitartez. Zer irakatsi eta zer ez (kurrikuluma), nola irakatsi (metodologia), noiz irakatsi (egutegia eta ordutegia) goitik emanda dator, elite txiki baten onurarako besterik ez dela pentsatzen.
Hau da tamalez, gaur egungo hezkuntza formalak eskaintzen diguna, eta gizarte justuago eta berdintsuago bat lortu gura badugu aldatu beharrekoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario